search
Egin zure dohaintza Egin zure dohaintza Palestinako errefuxiatuekin
UNRWA - PALESTINAR ERREFUXIATUEN EGOERAREN GAURKOTASUNA - GAZAKO NEKAZARI BATEN URIK GABEKO BIZITZA

GAZAKO NEKAZARI BATEN URIK GABEKO BIZITZA

Amjad Shabat

Gari-zelai zabal eta berdeen artean, zuhaitz-adarrez egindako gela baten barnean eserita dago Ribhi Abed, bere bi semeak ondoan dituela.  Haren seme Iyad, 22 urtekoa, sua pizten ari da te pixka bat egiteko. Ribhi eta haren familia lurra lantzetik bizi dira, Gazako iparraldeko toki batean.  

Azala eguzkiak belztua, eskuak handi-handi, eta gorputza lan gogorrak zimeldua, Ribhik ─70 urteren bueltan orain─ eta haren seme-alabek 20 dunum lur (bi hektarea) dituzte lantzeko, duela hamar urtetik hona.  Ribhi hemeretzi urte zituela hasi zen lanean soroan, bere anaiekin eta amarekin, eta urteen poderioz, nekazari iaioa bihurtu da, eskarmentu handikoa.  

Gazan lurra lantzea, ordea, ez da samurra. Hamahiru urteko blokeoak eta gatazkak instalazio asko kaltetu edo suntsitu dituzte, putzuak, ponpak, gatzgabetzeko eta hondakin-urak tratatzeko instalazioak barne. Uraren % 97 kutsatuta dago.

Ribhi Abed, nekazaria Gazako zerrendan.

“Duela gutxitik hona, garia bakarrik lantzera behartuta gaude, garia lehorreko laborea delako, euri-ura baino behar ez duena. Gure lurrak ureztatzeko dugun putzua agortu zenean, ur-iturririk gabe geratu ginen”, dio Ribhik.

Putzu bat edukitzeak ere ez du bermatzen edateko ura izatea. Gehiegizko ustiapena dela eta, ur gazia iragazi egiten da Gazan daukagun akuifero bakarrean. Putzuen % 22k soilik ematen du gazitasun-kontzentrazio onargarriak dituen ura. Gazan, ur-tanta bakoitza bizia eta osasun-ikurra da nekazarientzat.

Familiak patatak, angurria edo meloia jateari utzi behar izan dio, ur asko behar duten landareak direlako horiek. Erabaki horrek, familiaren elikadura erabat aldatzeaz gain, erosteko ahalmena ere aldatu du, familiak, orain, produktu gutxiago eskain baititzake lehendik ere nahikoa eskastuta zebilen merkatuan.  Urtean zazpi bat uzta bildu beharrean (meloiak, angurriak, patatak, piper berdeak eta alberjiniak barne), Ribhik garia bakarrik lantzen du orain, ezinbestean, baina garia ez da beste laboreak bezain errentagarria.  Garia aukeratu du euri-ura baino ez duelako behar.

Ribhi eta haren familiarentzat, etxaldea dena da. Lurrak ematen zuenetik bizi ziren.  Hala ere, elikagaiak ureztatzeko ur freskorik ez izateak zailtasun asko ekartzen dizkie, bizimodua ateratzeko orduan batez ere.  

“Familia osoak egiten dugu lan soroan, baita emazteak eta seme-alabek ere”. Lurrak nire familiari eta nire hiru seme-alaben familiei ematen digu jaten.  Hogeita hamar pertsona inguru, alor bakar baten mende. Alor hori bizi-iturri da bai gure familiarentzat, bai uzta garaian laguntzen diguten langileentzat ere. Langile horiek, orain, lana galdu dute, lehen baino uzta gutxiago jasotzen ditugulako”, erantsi du.

Geroztik, Ribhik eta haren familiak garia irin bihurtzen dihardute lanean, eta aurrera atera dezakete bizimodua laboreek ematen dieten diru-pizarrekin, baina borrokan jarraitzen dute lurra landuz bizimodu duina izatearen alde.

Compártelo

https://unrwaeuskadi.org/actualidad/historias/gazako-nekazari-baten-urik-gabeko-bizitza/ Click para copiar enlace