search
Egin zure dohaintza Egin zure dohaintza Palestinako errefuxiatuekin
UNRWA - PALESTINAR ERREFUXIATUEN EGOERAREN GAURKOTASUNA - HAMAHIRU URTE GAZAKO BLOKEOAREN PEAN BIZITZEN

HAMAHIRU URTE GAZAKO BLOKEOAREN PEAN BIZITZEN

Jabaliako errefuxiatu-kanpamentuko kale estu batean, Gazako zerrendaren inguruan dauden zortzi errefuxiatu-kanpamentuetatik handienean, Juma Abu Gomssan 12 kideko familiarekin bizi da, lau gelako etxe batean.  

Juma, 55 urteko palestinar errefuxiatua, 2007an eraikuntzaren alorrean lana galdu zuten milaka langileetako bat da; izan ere, urte hartan, Israelek blokeo gogorra ezarri zuen Gazan, eta horrek muturreko pobreziara eraman zuen familia. “Israelen, eraikuntzaren alorrean egiten nuen lan, eta 50 dolar baino gehiago irabazten nituen egunean, baina Israelek Gazako langileei sarrera debekatu zienean, lanik gabe geratu nintzen”.

Geroztik, UNRWAk palestinar errefuxiatuen artean banatzen duen elikadura-laguntzaren mende dago familia. Azken estatistika ofizialek erakusten dutenez, Palestinako milioi bat errefuxiatu bizi da UNRWAren laguntzaren mende. UNRWAk 13.000 langile baino gehiago ditu Gazako zerrendan, 300 instalazio ingurutan banatuta, laguntzaren beharrean dauden errefuxiatuei laguntza emateko.

UNRWAren elikadura-laguntza gorabehera, familiak negozio txiki bat jarri du martxan. Atiat emaztearen laguntzarekin, Jumak egun berezietarako otorduak prestatzen ditu enkarguz. “Ospakizunetan, graduazio-jaietan, urtebetetze eta ezkontzetan, jendearen eskaerei erantzuten diegu. Abagune berezietara soilik ez mugatzea espero dugu, baina oraingoz ezinezkoa zaigu janari-negozio pribatu bat aurrera eramatea”. Horrek dolar apur batzuk gehiago ematen dizkio familiari, bere bizitza apalaren gastuak estaltzeko adina.

Blokeo-urte luzeek eta hiru gerrek arrasto sakona utzi dute Abu Gomssan familian. Kanpamentutik kanpo etxe handi berri bat eraikitzeko, altzari onak edukitzeko eta seme-alabei aukera gehiago emateko ametsak ezin izan dituzte bete.  

Baina blokeoaren ondorioak ez dira soilik ekonomikoak. Herritarren osasunari eta sendagaiak eta tratamendua eskuratzeko aukerei ere eragiten die. Duela urtebete, giltzurruneko gutxiegitasuna diagnostikatu zioten Jumaren seme Mustafari. Hogeita sei urte ditu Mustafak. Transplante baten premia larria dauka, baina Gazan ez dago horretarako behar den medikuntza-hornidurarik.  

 “Nola edo hala moldatzen gara baldintza gogor horietan ere bizirik irauteko, baina nire beldurrik handiena semea blokeoaren ondorioz galtzea da”, dio Jumak. Familiak ez du aukera askorik Mustafari laguntzeko: edo Egiptora bidaiatzen dute ebakuntza egitera (ez dute, ordea, horretarako dirurik), edo mediku-talde bat, beharrezko ekipamendu guztiaz hornituta, Gaza bisitatzera etorri arte itxaron behar dute. Gazatik ateratzea eta Zisjordanian ebakuntza egiteko baimena jasotzea ez da aukera posibleen artean sartzen.  Gazatik kanpo tratamendua jasotzeko baimen medikoen heren batek ezetza jasotzen du Israelgo agintarien aldetik.  

2012an, Nazio Batuen Erakundearen txosten batek ondorioztatu zuen premiazko neurriak hartu eta blokeoa altxatu ezean Gaza ez zela bizitzeko egokia izango 2020an. Hamahiru urteko blokeoaren ondoren, errealitate horrekin bizi dira orain bertan bi milioi pertsona inguru: munduko biztanleria-dentsitate handienetako bat duen toki bizigaitza bihurtu da, beraz, Gaza.

Compártelo

https://unrwaeuskadi.org/actualidad/historias/hamahiru-urte-gazako-blokeoaren-pean-bizitzen/ Click para copiar enlace