search
Egin zure dohaintza Egin zure dohaintza Palestinako errefuxiatuekin
UNRWA - PALESTINAR ERREFUXIATUEN EGOERAREN GAURKOTASUNA - ONLINE HEZKUNTZA, ERREFUXIATUEN ITXAROPENA ETORKIZUNEAN

ONLINE HEZKUNTZA, ERREFUXIATUEN ITXAROPENA ETORKIZUNEAN

Amjad Shabat

Ritaj Matarrek 10 urte ditu, eta koronabirusak jota dagoen munduko beste edozein tokitan bezala, izurritearen ondoriozko bat-bateko errutina-aldaketak nahastu eta kezkatu egin du bere familia, bere ama Khoulod batez ere. Ritajek UNRWAren eskola batean ikasten du, Beit Lahia hirian, Gazako iparraldean. Orain, itxialdia dela eta, egunak daramatza etxean sartuta, eskolak, liburutegiak eta gainerako ikasguneak itxita daudelako, kostaldeko kokagune jendeztatu eta blokeatu hartako koronabirus-agerraldiari aurre egiteko.

Gazan eskolara joateak beste esanahi bat du, munduko gainerako tokietan duenetik guztiz desberdina. Haurrentzat faro bat da eskola, munduari irekitako leiho bat. Irmoki sinesten dute eskola egun bakar batean ere huts ez egiteak eta asko ikasteak zeresan handiko eragile bihurtuko dituela, eta hala beren komunitatearen egoera hobetzen lagundu ahalko dutela. Ritajentzat eta orain blokeopeko blokeopean bizi diren Gazako milioi bat gazterentzat, hezkuntza-eskubidea bermatuko dien hezkuntza-errutina berri bat ezarri da.

Gazako zerrendako neska bat etxeko egongelan ikasten, koronabirusen hedapena saihesteko eskolak itxi ostean.

Gazan, asma ahalak asmatu behar dira informazioa eta hezkuntza txoko guztietara irits dadin. Batetik, hedabide orokorrak hezkuntza-programak eskaintzen hasi dira, ikasleen maisu-maistren eta gurasoen artean komunikazio-zubi interaktiboak eraikitzen.  Bestalde, Whatsapp-taldeak sortu dira, UNRWAren hezkuntza-kanalaren edukia partekatzeko; eta berehalako mezularitza-plataforma horri esker, etxeko lanak hegan doaz Gazako zerrendako punta batetik bestera. Dena iristen da, baina tarteka.

Etxean bitartekorik ez izateak online ikaskuntzaren esperientzia zailtzen diola dio Khoulodek. Energia etengabe moztea, Internet seinalea ahula izatea eta gailu elektroniko eramangarrien kopuru nahikoa ez izatea dira arazo nagusiak. Argindar-mozketek eragin larriak izaten jarraitzen dute Gazako oinarrizko zerbitzuen erabilgarritasunean. Gazak azpiegitura ahula du ezinbestekoak diren sektore guztietan, baita telekomunikazioenean ere.

“Alabek txandak egiten dituzte gailu mugikorrak erabiltzeko”, gaineratu zuen. “Denbora asko behar dugu Internetetik materiala jaisteko, seinalea oso ahula delako”. Horiek dira online ikaskuntzaren eraginkortasuna murrizten duten arazorik zailenak, tokiko agintariek eskolak itxi eta jendeari etxean geratzeko aholkua eman ondoren.

Ez da Gazak urrutiko hezkuntzara jotzen duen lehen aldia, ezta haurrek, segurtasunaren izenean, eskolak bertan behera nola uzten dituzten ikusten duten lehen aldia ere. Duela hamaika urtetik hona, txitean-pitean gertatu da gauza bera (2008ko neguan, 2012ko udazkenean, 2014ko udan), Israelek Gaza setiatuz eta milaka haur errefuxiaturen hezkuntza-eskubidea kolokan jarriz aurrera eraman dituen erasoaldi guztietan. “Neurri bateraino prest geunden”, dio Suha Dawoodek, UNRWAren Lanbide Garapenerako eta Ikasketa Planetako Unitatearen buruak.

“Aurreko esperientzietan, eskola-etenak maiz gertatzen ziren krisi-garaietan oinarritu gara”. Orain, Gazan, UNRWAren Hezkuntza Programa ikaskuntza elektronikorako metodo bat garatzen ari da, ikasketa-plangintzan oinarritutako lan-orriak eskaintzen dituena. Horiek kargatu egingo dira, eta Agentziak dagoeneko badituen ikaskuntza elektronikoko baliabideei gehituko zaizkie, hala nola telebista-programari eta lineako ikaskuntza interaktiboko programari.

UNRWAk etorkizun handiko planak ditu horri dagokionez, dio Suhak. “Epidemiak zabaltzen jarraitzen badu ─hala ez izatea espero–, guk, gure informatika-taldearen laguntzarekin, gaur egun eskuragarri dugunarekin lan egiten jarraituko dugu, baina geure sistema garatu behar dugu, ikaslearen eta irakaslearen arteko interakzio zuzena, eta ikaskideen artekoa, txertatu ahal izateko”. Ikaskuntza elektronikoko estrategiak behar bezala aplikatuko direla bermatzeko, beharrezkoa da emaileen finantzaketa ziurtatzea.

Compártelo

https://unrwaeuskadi.org/actualidad/historias/online-hezkuntza-errefuxiatuen-itxaropena-etorkizunean/ Click para copiar enlace