search
Egin zure dohaintza Egin zure dohaintza Palestinako errefuxiatuekin
UNRWA - PALESTINAR ERREFUXIATUEN EGOERAREN GAURKOTASUNA - ZISJORDANIAKO ETXE-ERAISPENEN AURREAN ESKU BAT LUZATUTA

ZISJORDANIAKO ETXE-ERAISPENEN AURREAN ESKU BAT LUZATUTA

Ekaina izan da aurten Zisjordanian eraispen gehien izan dituen hilabetea: 100 eraispen (pandemia hasi zenetik, 227). Datu hori izugarria da, are gehiago kontuan hartzen badugu hilabete hauetan inoiz ez bezalako osasun-krisi bat bizi izan dela, etxe baten babesa izatearen garrantzia agerian jarri duena.

Eraispen horiek lekuz aldatzera behartu dituzte 204 pertsona, eta, zeharka, 1.120 pertsona kaltetu dituzte. Egun batetik bestera, etxetik alde egin beharra beste aukerarik ez dute izan familia horiek.

Palestinar errefuxiatuek bereziki jasaten dituzte lekualdaketen ondorioak. Israelgo agintariek emandako eraispen-aginduek ere izugarri eragiten diete, nabarmen murrizten dutelako etxebizitzen eraikuntza Jerusalem Ekialdeko auzo palestinar gehienetan. Bestelako aukerarik ezean, palestinar askok beren soroetan eraikitzen dituzte etxeak, debekuak debeku.

Palestinar askok ikusten dute nola eraisten dieten etxea; batzuetan, beraiek eraitsi behar izaten dituzte, espetxeratzeko mehatxupean. Egoera ekonomiko prekarioetan, eraispenak bezalako atzera-bueltarik gabeko neurriek txirotasunaren espirala sortzea dakarte sarri askotan.

Familia batzuei argi-izpi bat pizten zaie alokairuko etxebizitza bat aurkitzen dutenean lehengo etxetik ez oso urrun. Horri esker, seme-alaben eguneroko bizimoduak eta heziketa- edo lan-errutinak nolabaiteko jarraipena izan dezakete. Aldi baterako neurria bada ere, gure esku-hartze humanitarioari esker, familiak bere onera egin eta nolabaiteko egonkortasuna lor dezake, eta, horrela, hobeto antola dezakete etorkizuna epe ertain eta luzean. “Familiaren egoera asko hobetu da UNRWAren erantzunaren ondoren, eta oso eskertuta gaude», dio familia honetako amak.

Erantzuna berehalakoa da. 48 ordutan irtenbidea ematen zaie horrelako gertakariei, familia bakoitzaren hasierako beharrak mapatuz. Era berean, eskudiruzko laguntza ematen da laguntza-irizpideak ezartzen dituen hautagarritasun-tresna baten bidez.

Etxea eraistearen eragin psikologikoa, arrasto ezabaezina

Etxe-eraispenen eragin psikologikoa bereziki traumatikoa izan daiteke haurrentzat. Hasierako erantzunaren funtsezko alderdi bat laguntza psikosozial azkarra emateko beharra ote dagoen identifikatzea da, eta ebaluatzea ea UNRWA den laguntza hori emateko egoera hobean dagoen erakundea, edo familia beste erakunde bazkide batzuetara bideratzea komeni ote den.

“Egiten dugun gauzarik garrantzitsuenetako bat da errefuxiatuei beren etxeak eraitsi aurretik bizi ziren komunitate berean babeslekua aurkitzen laguntzea. Horrek kontsolamendua ematen die une zailetan, eta duintasuna bizi-egoera larri horretan”, dio Osama Tamimi UNRWAko langileak.

Compártelo

https://unrwaeuskadi.org/actualidad/historias/zisjordaniako-etxe-eraispenen-aurrean-esku-bat-luzatuta/ Click para copiar enlace