search
Egin zure dohaintza Egin zure dohaintza Palestinako errefuxiatuekin
UNRWA - PALESTINAR ERREFUXIATUEN EGOERAREN GAURKOTASUNA - ARTEA KORONABIRUSAREN GARAIAN, HAURREN ANTSIETATEA MURRIZTEKO BIDE BAT

ARTEA KORONABIRUSAREN GARAIAN, HAURREN ANTSIETATEA MURRIZTEKO BIDE BAT

Gazako zerrendan, haurrek konfinamendu bikoitza bizi dute, etxekoari beste itxialdi orokorrago bat gehitu behar baitzaio; izan ere, kostaldeko kokagune horrek urteak daramatza lurrez, itsasoz eta airez ezarritako blokeoari aurre egiten. Orain, ezin dute etxetik atera kutsadura saihesteko, baina lehen ere ezina zitzaien Gazatik kanpo bidaiatzea edo mugitzea, Israelek ezarritako mugimendu-murrizketen ondorioz. 2007az geroztik ezarritako blokeo-egoera horrek arrasto psikologiko ia ezabaezina utzi du haurrengan, eta horrek sortutako tentsioa eta antsietatea arinduko dieten modu baten bila ari dira denak.

Maryamek 10 urte ditu, eta oso litekeena da oraintxe bertan bere etxeko mahaian margotzen aritzea. Duela hilabete, UNRWAk Gazan duen Al Zaitoun «C» Neskentzako Prestakuntza Eskolako idazmahai batean ari zen margotzen. Bere mahaia beti zegoen pintzelez, guraizez, purpurinaz eta kolore distiratsuko kartoi-zatiz betea.

Irakasleentzat, premiazkoa zen frustrazio- eta antsietate-egoera horri ihesbide bat ematen saiatzea, eta artearen bidez ematea erabaki zuten. “Eskola-garaiko lehen seihilekoan, ikasgela barruan eta kanpoan portaera-arazoak zituzten ikasleei buruzko hainbat kexa jaso genituen.  Eskola-jazarpena, klaseak eteteko ahaleginak, isolamendu soziala eta gisako arazoak ziren», azaldu du Maysoon Abdel-Hadik, eskolako zuzendariak. “Irakasleok jarduera artistikoetarako talde bat sortzea erabaki genuen, ikasle horiei zuzendua”.

Arte- eta eskulan-eskoletara batu aurretik, oso neskato isila eta uzkurra zen Maryam. Ez zekien ondo bere burua non egokitu. Okupaziopean bizitzearen trauma luzeak eta blokeoak ondorio larriak izan zituen berarentzat, beste haur askorentzat bezala. Izan ere, Gazan bizi diren haurren bi herenek laguntza psikologikoa behar dute.

Maryam bezalako beste 120 ikasle inguru aukeratu zituzten artea eta eskulanak lantzeko lau hilabeteko ekimen batean parte hartzeko. Giro estimulatzaile eta sortzaile bat sortzea zen helburua, adierazpen artistikoaren bidez tentsioa eta antsietatea askatzea. Lau hilabetez, irakasleek gidatu dituzte ikasleak, eta orain etxetik segitzen dute aurrera proiektuarekin. “Ikasleen gizarte- eta bizi-trebetasunak garatzeko lan egin dugu, eta espazio seguru batean sormena askatzera bultzatu ditugu. Ikaskideekin eta irakasleekin nola jokatu jakiteko orientazioa eman zaie. Gurasoak programan parte hartzera ere bultzatu ditugu, eta horrek oso emaitza onak eman ditu”, esan zuen Maysoon Abdel-Hadi irakasleak.

 “Ekimen honek neure buruarekiko konfiantza sendotu dit, eta eskerrak eman nahi dizkiet bidaia honetan lagundu eta animatu nauten irakasleei eta ikaskideei. Programa honi esker, pazientzia lantzeko aukera izan dut. Eskulanek nire aparteko energia biltzen laguntzen didate”, esan zuen Nisma Shehaak, Maryamen lagunak.

Gaur, Nismak eta Maryamek beste erronka bati egin behar diote aurre, koronabirusaren izurriteari eusteko hartutako neurriek areagotu egin baitezakete blokeoak lehendik eragindako frustrazio eta antsietatea. Hala ere, neska horientzat eta mundu osoan etxean itxita dauden beste haurrentzat ere etxetik egindako artea oso tresna baliotsua izan daiteke antsietate hori arintzeko, trebetasun berriak garatzeko, sormena askatzeko eta lasaitasunerako eta segurtasunerako espazio bat sortzeko

Compártelo

https://unrwaeuskadi.org/actualidad/noticias/artea-koronabirusaren-garaian-haurren-antsietatea-murrizteko-bide-bat/ Click para copiar enlace