‘GERRA ZIBILA GIPUZKOAN: ERRESISTENTZIA ETA DUINTASUNA’ ERAKUSKETAN PARTE HARTU DU UNRWA EUSKADIK

Abenduak 28 arte ikusgai egongo den 'Gerra zibila Gipuzkoan: erresistentzia eta duintasuna’ erakusketak milaka gipuzkoarren historiak azpimarratzen ditu memoria kolektiboaren berridazketaren bidez. Antoni Nicolauk komisariatutako erakusketa honetan, hainbat pertsonaren bizipenak ezagutu ahal izango dira, baita garai hartako hainbat material eta objekturen inguruko ibilbidea egin ere.

 

Gainera, adin guztientzako tailerrak antolatu dira, Gerra Zibileko bizipenak nola iritsi zaizkigun hausnartzeko eta gertakari horren kontakizun indibiduala eta kolektiboa osatzeko asmoz.

 

Gatazka armatuetan herritarren sufrimenduan fokua jartzeko, UNRWA Euskadik Gazako Zerrendan eta Siriako gerran izandako erasoen 6 argazkirekin lagundu du. Horien helburua erakusketa bisitatzen duten pertsonei, nahiz eta iraganeko gertakari bat izan, gaur egun beste gatazka armatu batzuk daudela gogoraraztea da, eta horien biktima nagusiak erakusketaren protagonistetatik hain desberdinak ez direla azalaratzea.