Gizarte-Zerbitzuak

UNRWAk babesa eta gizarte-zerbitzuak eskaintzen dizkie palestinar errefuxiatuei, eta familia pobreenetan kontzentratzen ditu bere ahaleginak.  Haien beharrak asetzeko, Agentziak mota guztietako zerbitzuak eskaintzen ditu: oinarrizko elikagai-hornidura, diru-laguntzak, larrialdiko laguntza eskudirutan, eta etxebizitza egoki baterako laguntza.

 

KOMUNITATEA ERAIKITZEN

Laguntza materiala emateaz gain, UNRWAk komunitate-ekimenak sustatzen ditu, errefuxiatuen artean bazterketa pairatzen duten komunitateak (emakumeak, haurrak, gazteak, desgaitasuna duten pertsonak eta adinekoak) integratzea sustatzeko. Agentziak errefuxiatu ahulenak ahalduntzeko lan egiten du, eta zerbitzu espezializatuetarako sarbidea errazten die; zerbitzu horiek haien autonomia, gizarte-kohesioa eta emantzipazioa sustatzen dituzte. Programa horiek, gainera, instalazio espezifikoak dituzte, hala nola emakumeentzako 61 zentro eta ezinduentzako 38 errehabilitazio-zentro, UNRWAk sortu eta kudeatutakoak.

 

UNRWAREN TESTIGANTZA

Gizarte-zerbitzuen programaren beste funtsezko zereginetako bat 5,4 milioi errefuxiatuen erregistroa egitea da. Erregistroan haien estatusa, jaiotza, ezkontza, bizileku-aldaketak eta abar jasotzen dira. Erregistro horrek palestinarren 1948tik aurrerako datu historikoak gordetzen ditu, eta gaur egunera arte eguneratuta mantendu ditu datuok.  UNRWA da, beraz, palestinar errefuxiatuen existentziaren lekukotza ematen duen erakunde bakarra, egunero egoera hori pairatzen duten (jaiotzen, hiltzen, lekualdatzen diren) bost milioi pertsona daudela gizateriari erakusten dion froga garbia. Erregistro hori gabe, horretan interesa lukeen edonork ezkutatu edo ukatu ahal izango luke errefuxiatuen benetako errealitatea.