ZER DA UNRWA?

UNRWA Palestinak Ekialde Hurbilean dituen errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia da. Errefuxiatuok munduko errefuxiatuen ia laurdena dira, 5,4 milioi pertsonako komunitatea.

Duela ia zazpi hamarkadaz geroztik, Agentzia arduratu da palestinar errefuxiatuei hezkuntza, osasuna, laguntza humanitarioa eta gizarte-zerbitzuak bermatzeaz. Errefuxiatuok harrera-egoeran bizi dira Sirian, Libanon, Jordanian eta Palestinako lurralde okupatuan (Gazan eta Zisjordanian), egoera zail bezain bidegabe horri irtenbide bidezko eta behin betikoa noiz emango zain.

Bere lana egiteko, UNRWAk jasotzen duen finantzaketa NBEko estatu kideen borondatezko ekarpenek osatua dago ia osorik. Gisa horretako erakunde bakarra da Nazio Batuen sistemaren barruan, bi arrazoi hauengatik:

Lehenik, biztanleria-talde espezifiko baten alde hainbat hamarkadan hartutako konpromisoarengatik. Bigarrenik, palestinar errefuxiatuei zuzeneko zerbitzua emateagatik.  Agentziak bere proiektu propioak planifikatzen eta garatzen ditu, bere eskolak, klinikak eta emakumeentzako eta ezinduentzako zentroak eraikitzeaz eta mantentzeaz gain. Gaur egun, UNRWAk mila instalazio baino gehiago ditu, eta 30.000 langile baino gehiago ditu horietan enplegatuta, % 99k errefuxiatu-estatusa duela.

UNRWA EUSKADI

UNRWA Euskadik bi helburu nagusi ditu: palestinar errefuxiatuen egoerari ikusgarritasuna ematea, batetik, eta herritarrak zein erakunde publiko eta pribatuak haien aldeko laguntza emateko mobilizatzea, bestetik.
Erakundearen beste zereginetako bat, Euskadin, Giza Eskubideak sustatzea da, herritartasun globalerako hezkuntzaren eta sentsibilizazioaren bidez.

DUELA URTE BATZUK AMAITU BEHAR ZUEN ISTORIOA

Sinetsi edo ez, UNRWA ez zegoen hain urrun joateko. Jatorriz aldi baterako erakunde gisa sortu zen, baina 5,4 milioi errefuxiatu aurkitzen diren egoera konpontzeko behin betiko erantzunik eta konponbiderik ez izateak Nazio Batuen Erakundea aldian behin gure agintaldia berritzera behartu du, duela gutxi 2023ra arte luzatuz.

Zoritxarrez, denak adierazten du gure lanarekin jarraitu beharko dugula, beti egin dugun moduan, etengabe gure zerbitzuak eskainiz, bai lasaitasun erlatiboko momentuetan, bai konfrontazio armatuko momentuetan.