PALESTINAKO ERREFUXIATUAK
Lehen arabiar-israeldar gerraz geroztik (1948), Palestina historikoko ehunka mila biztanle eta haien ondorengoak errefuxiatuta bizi dira beren lurraldean bertan edo Ekialde Hurbileko beste herrialde batzuetan, hala nola Sirian, Libanon eta Jordanian.
Gaur egun, 5,6 milioi pertsona bizi dira Siriako gatazka betean setiatutako kanpamentuetan, militarrek blokeatutako guneetan, bonbardaketek suntsitutako hirietan, bizitza duina izateko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituzten kanpadendetan, laguntza humanitarioa iristeko zailak diren lekuetan… Horrelako tokietan bizi dira palestinar errefuxiatuak, duela 70 urte baino gehiago sortutako gatazka politiko batek ustekabean harrapatu zituenetik.
Ordutik, UNRWAren lana errefuxiatuei babesa eta laguntza bermatzea izan da, baita giza garapen osoa erdiesten laguntzea ere, egoerari irtenbide bidezkoa eta behin betikoa ematea lortu arte.
NON DAUDE?
Palestinako errefuxiatuak mapan kokatzea ezinbestekoa da 5 milioi pertsona baino gehiagoren zorigaitza ikusteko. Hemen aurki ditzakezu errefuxiatuen kanpamenduen kokapen zehatza eta egungo egoera.
BOST MILIOI PERTSONA BAINO GEHIAGO
UNRWAren arabera, palestinar errefuxiatua da “1946ko ekainetik 1948ko maiatzera bitartean Palestina historikoa (Israelgo egungo estatua) ohiko bizilekutzat zuena eta gerraren ondorioz etxea eta bizibidea galdu zituena”. Haien ondorengoak ere errefuxiatutzat hartzen ditu Agentziak.
1950ean, UNRWA lanean hasi zenean, 750.000 pertsonak zuten palestinar errefuxiatuaren estatusa. Gaur egun, 5,6 milioi baino gehiago dira errefuxiatu izateari utzi nahi diotenak, eta eskubide osoko herritar bilakatu nahi dutenak. Bien bitartean, gu gara errefuxiatuen laguntza ia bakarra.
MUNDUKO ERREFUXIATU-POPULAZIO ZAHARRENA
Munduko errefuxiatuen laurden bat, gutxi gorabehera, palestinar errefuxiatua da; palestinarrek hirurogeita hamar urte baino gehiago daramatzate egoera horretan. Munduko errefuxiatu-populazio zaharrena dira.
Mende erdi baino gehiagoko sufrimenduaren ondoren, palestinar errefuxiatuek beren etxeetara itzuli nahi dute, eta jasaten duten bidegabekeria aitortzea nahi dute. Baina haien egoerari irtenbide bidezkoa eta behin betikoa eman arte, itxaronaldiak ez du amaierarik izango.
Palestinar errefuxiatuek gaur egun aurre egin beharreko erronkak espezifikoak dira, harrera-komunitatearen araberakoak. Palestinako lurralde okupatuan, palestinarren eskubideak etengabe urratuak izaten ari dira blokeoaren eta okupazio militarraren ondorioz. Sirian, ia hamar urte betetzera doan gerra-egoera bati egin behar diote aurre. Libanon, bizitza sozial, politiko eta ekonomikoaren funtsezko alderdietatik kanpo daude. Jordanian bizi dira palestinako errefuxiatu gehienak, eta horietako askok gobernu-zerbitzuak eta jordaniar hiritartasuna eskura ditzakete, baina gutxiengo batzuei eskubideak mugatzen dizkieten lege-murrizketak ezartzen zaizkie.