Hezkuntza

Hezkuntza da garrantzitsuena.  Horregatik, UNRWAk Ekialde Hurbileko eskola-sistema garrantzitsuenetako bat kudeatzen du, munduko beste eremu batzuetan estatuei dagokien funtzioa betez.

Agentziak eskualdean zehar banatuta dituen 715 eskoletan, eskola-adinean dauden milioi eta erdi haurrek ikasten dute egunero. Eta palestinar errefuxiatuei dagokienez, UNRWA da lehen hezkuntza eskaintzen duen erakunde nagusia duela zazpi hamarkada baino gehiagotik hona.

1960an, UNRWA izan zen neska-mutilen matrikulazioan berdintasuna ezarri zuen lehen erakundea Ekialde Hurbilean.

Hezkuntza-programa Agentziaren proiekturik handiena da, eta ez da lehen hezkuntzako etapetara mugatzen. Lanbide-heziketa ere eskaintzen du, lan-merkatuan sartzen lagunduko dieten trebetasun gehigarriak eskuratzen laguntzeko gazteei.

Helburua palestinar errefuxiatuen ezagutza eta trebetasunen garapena sustatzea da, eta, matematika, hizkuntza, ingelesa eta gisako gai arruntetan ez ezik, giza eskubideetan eta gatazken konponbide ez-bortitzean ere heztea.

O KALITATEZKO HEZKUNTZA BERMATZEA, MUTURREKO BALDINTZETAN BADA ERE

Palestinako haur eta gazte errefuxiatuen bizi-baldintzak zailak dira oso. Batzuk gatazka armatuak dauden eremuetan bizi dira, edo askatasunez mugitzeko mugak dituztenetan (Sirian, adibidez).

Hala ere, egunero jaikitzen dira eskolara joateko, baita erasoaldi militar baten erdian daudenean ere. Badakite beren etorkizuna eta duintasun pertsonala hezkuntza ona jasotzearen mende dagoela, eta horregatik, UNRWAk lehentasunezkotzat jotzen du hezkuntza-programa sendo eta homologagarriak eskaintzea.

IKASLE ETA IRAKASLEENTZAKO PRESTAKUNTZARIK ONENA

Ikasleei titulazio ofizialak eskaini ahal izateko, UNRWAren ikastetxe guztiek eskolatze formala eskaintzen dute (1etik 9ra edo 10era bitarteko mailak eta Bigarren Hezkuntza Libanon), baita lanbide-heziketa ere. Eta hezkuntzaren kalitatea bermatzeko, agentziak etengabeko prestakuntza ematen die ehunka irakasle, zuzendari eta gainbegiraleri, beren lanpostuak bete aurretik eskainitako ikastaroen bidez, baita irakaskuntzako zerbitzuak irauten duen bitartean ere. Prestakuntza hori laguntza handia da, bai haien ikasketarako, bai haien garapen profesionalerako.

LAN-MUNDUAREN ERRONKA: GOI-MAILAKO HEZKUNTZA ETA LANBIDE-HEZIKETA

Palestinar errefuxiatu gazteek zailtasun handiak dituzte beren etorkizunari aurre egiteko. Horietako askok beste herrialde batzuetara bidaiatu behar izaten dute lan-aukeren bila, eta beste batzuek ─Gazako zerrendan bizi direnek, esaterako─ ezin dute beren lurraldetik atera ere egin Israelek ezarritako blokeoa dela eta.

Gazte horiek bizitza aktiborako prestatuta egon behar dute, eta UNRWAk lanbide-heziketa eskaintzen die zortzi zentroren bidez. Zentro horietan askotariko ikastaroak ematen dira, ikasleen eta etorkizuneko enplegatzaileen premietan oinarrituta, lehenengoek bigarrenen negozio eta enpresen jarduera aurrera eramaten laguntzeko modua izan dezaten, eta bigarrenek, berriz, lehenengoei lanpostu bat eskaintzeko modua.

Zentro horietan, palestinar gazte errefuxiatuek lana bilatzeko eta lan-merkatuan sartzeko trebetasunak garatzen dituzte, bai beren bizilekuetan bertan aritzeko, bai, kanpora atera behar izanez gero, beste herrialde batzuetan aritzeko ere.

Palestinar haur eta gazte errefuxiatuen garapen pertsonal eta profesionalari lagunduz, UNRWAk herritar guztien etorkizuna eta duintasuna eraikitzen laguntzen du.