GEHIEN BEHAR GAITUZTENEAN HOR EGOTEA
UNRWAk zazpi hamarkada daramatza palestinar errefuxiatuei laguntza humanitarioa ematen larrialdietarako funtsaren bidez. Gaur egun, 700 eskola baino gehiago kudeatzen ditu, eta horietan milioi erdi ikasle baino gehiago trebatzen ditu Ekialde Hurbil osoan. Oinarrizko Osasun Laguntzako 143 zentrotan eta emakumeentzako 48 gizarte- eta prestakuntza-zentrotan ematen du zerbitzua.
Laguntzak jaso arren, eta Agentziak elikagaiak, ura, etxebizitza eta osasun laguntza eman dizkien arren, milaka palestinarrek muturreko prekarietate-egoeran bizitzen jarraitzen dute 2000. urteko bigarren Intifadaz geroztik, eta, bereziki, 2011n Siriako gatazka hasi zenez geroztik.
Egoera hori dela eta, UNRWAk gero eta eskaera gehiago jasotzen ditu errefuxiatuei laguntza humanitarioa emateko, eta, horregatik, nazioarteko komunitateari laguntza eskatu beharrean aurkitzen gara urtero.
LARRIALDIETARAKO FUNTSA
Krisi humanitario batean, denbora da faktore garrantzitsuena. Larrialdi-egoera baten aurrean zenbat eta azkarrago erantzun, orduan eta aukera handiagoa dago horren ondorioak gutxitzeko.
Egoera horiei aurrea hartzeko, UNRWAk Larrialdietarako Funts bat du, Palestinako haur errefuxiatuei hezkuntza, elikagaiak, osasun-arreta eta laguntza psikosoziala ematen zaiela bermatzeko, baita gatazka armatu edo krisi humanitarioko egoeretan ere.