UNRWAren ordezkaritza bat Euskadin izan da 2023ko urtarrilaren 17an, 18an eta 19an, Euskadiko lanbide-heziketaren eredua ezagutzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak egindako gonbidapenari esker.
UNRWAk lanbide-heziketako 8 ikastetxe kudeatzen ditu bere hezkuntza-programaren barruko 5 jarduketa-eremuetan, eta 8.000 ikasle ditu guztira. Ekialde Hurbileko egoera hain korapilatsua izanik —eta areago Palestinako errefuxiatuena—, ezinbestekoa da lanbide-heziketako sistema modernizatzea, berrikuntza pedagogikoa eta ikasleen laneratzea bermatzeko. Hori dela eta, UNRWAk Libanon, Gazan eta Jordanian dituen zenbait langilek Euskadiko lanbide-heziketako eredua ezarrita duten Gipuzkoako 4 ikastetxe bisitatu dituzte. Izan ere, Eusko Jaurlaritza sistema hori ari da bultzatzen, gaur egun, Lanbide Heziketako VI. Planaren bidez.
Zehazki, Errenteriako Tknika Ikerketa Aplikatuko zentroa, Usurbil LHII, Donostiako EASO Politeknikoa eta Bergarako Miguel Altuna LHII bisitatu dituzte. Horietan, lanbide-heziketaren adar hauek ezagutu dituzte, besteak beste: murgiltze-teknologiak (errealitate birtuala, mistoa eta areagotua), energia berriztagarriak, energia-efizientzia eta eguzki-energia termikoa, fabrikazio mekanikoa, automatizazioa eta robotika industriala. Eta, bide batez, ikaskuntza-metodologia berritzaile eta motibatzaile baten arrakasta ezagutu ahal izan dute.
Truke aberasgarri horri esker, UNRWAk lanean jarraituko du Palestinako errefuxiatuen lanbide-heziketa hobetzeko. Horrela, errefuxiatuei kalitateko hezkuntza jasotzeko eta laneratzeko eskubideak bermatuko zaizkie.