Palestinako errefuxiatuekin

Israelgo indarren eta kolonoen indarkeriak Zisjordaniako herritarrak izutzen ditu

Israelgo indarren eta kolonoen indarkeriak gora egiten jarraitzen du Zisjordanian, Jerusalem ekialdea barne, eta palestinarrak izututa daude maite dituzten pertsonen hilketengatik, desplazamenduengatik eta etxebizitzak eta bizibideak suntsitzeagatik.

2025ean Israelgo indarrek Zisjordanian hildako palestinarren kopurua 99ra igo da, eta horietatik % 60 lau herritan bakarrik hil dituzte, Jenin eta Nur Shams Palestinako errefuxiatuen kanpalekuak barne.

Duela bederatzi aste baino gehiagotik, Israelgo indarrek eskala handiko erasoaldia egin dute Zisjordaniako iparraldean, eta milaka pertsona desplazatu dira. Tulkarem hirian bakarrik, 850 pertsonak euren etxeak utzi behar izan dituzte bi astetan.

Otsailaz geroztik, Israelgo indarrek dozenaka etxebizitza eta azpiegitura eraitsi dituzte iparraldean, eta ehunka familiari eragin die horrek, eta ihes egin behar izan dute, noiz itzuli ahal izango diren jakin gabe.

Israelgo indarren eta kolonoen indarkeriaren ondorio latzenetako bat familia palestinarren bizibideak suntsitzea da. OCHAren arabera, martxoko lehen egunetan, kolono israeldarren erasoek lapurtutako edo hildako 1.400 abelburu baino gehiagorekin amaitu zuten, eta 380 olibondo eta fruta-arbola suntsitu zituzten.

Eraso horiek kolpe latza dira familia palestinarren ekonomiarentzat, abeltzaintzaren eta nekazaritzaren menpe baitaude bizirauteko.

Gure azpiegituretako batzuk ere larriki kaltetzen ditu Israelgo indarren indarkeria bortitzak. Guztira, Zisjordaniako hamar eskola, 4.400 ikasle baino gehiagorekin, itxita daude.

Baina gure taldeek lanean jarraitzen dute. Palestinako errefuxiatuei larrialdiko laguntza eskaintzen ari gara. Gainera, lekualdatutako familiak etxera itzultzea errazteko neurriak hartzeko eskatzen jarraitzen dugu.

Zailtasunak zailtasun, osasun-arretako zerbitzuak eskaintzen jarraitzen dugu eta, otsailaren 23tik, urrutiko ikaskuntzako programa aktibatu dugu lekualdatutako ikasleentzat.