“Palestina gure Doinuetan” izenburupean antolatu genuen pasa den ostiralean, Abenduak 15, musika eta podcast-a uztartzen dituen ekitaldi berezi bat Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean. Emanaldi berezi honetan Palestinako errefuxiatuen errealitatea musika doinuen bidez eta podcast formatuan entzuteko aukera izan zen. 130 pertsona inguru gerturatu ziren Intxaurrondo Kultur Etxera, ekitaldiaz gozatzera.
Ekitaldiaren helburu nagusia 2023an DBHko ikasleei zuzendutako tailerretan egindako podcast-ak eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak sortutako abestia ezagutaraztea izan da. Horrenbestez, Zarauzko Lizardi BHIko eta Villabonako Erniobea BHIko ikasleak gonbidatu genituen oholtzara ikastetxeetan egindako saioak eta podcast sorkuntzaren prozesua bertaratutakoei azaltzeko.
Bestalde, musikari dagokionez, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako Atotxako Big Combo, Gazte Banda eta Gazte Orkestrak eskolako irakasleek azken hilabeteetansortutako Palestinari buruzko abestia interpretatu zuten, eta Big Combo taldeak musika ukitua eman zion ekitaldiari elkarrizketa ezberdinen tarteetan abesti ezberdinak joz. Saioa borobiltzeko, Mohammad Farajallah ekintzaile palestinarrak lehen ahotsetik azaldu zuen Palestinako errealitatea.
Ekitaldi hau UNRWA Euskadik azken hilabeteetan garatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako “Sintoniza Palestina: Giza eskubideen alde eta Palestinako errefuxiatuen eta Garapen Jasangarriko Helburuen aurrerapenaren alde mobilizatuz” proiektuaren barruan kokatzen da.