Eusko Jaurlaritzak René Cassin 2024 saria eman dio Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziari (UNRWA), “nazioarteko zuzenbide humanitarioaren defentsaren aldeko borroka nekaezinagatik”. Sari honekin, epaimahaiak aitortu eta balioa eman nahi dio milioika iheslari palestinarren giza eskubideen babesean eta sustapenean izan duen funtsezko konpromisoari.
2003an sortu zen saria, giza eskubideen aldeko jarduketa nabarmenak publikoki aitortzeko asmoz, eta epaimahaiak, aurten, saria UNRWA agentziari ematea —UNRWA Euskadi Batzorde Autonomikoaren bidez— erabaki du. Deialdira aurkeztutako hautagaitzak aztertu ondoren, epaimahaiak erabaki du erakunde hori izatea saritua, “milioika iheslari palestinar babesteko egiten duen ahaleginagatik, eta hezkuntza, osasun-arreta eta laguntza humanitarioa bezalako funtsezko zerbitzuak bermatzeko egiten duen lanagatik”.
Epaimahaiaren iritziz, “eskolak, ospitaleak eta babeslekuak hornitzen egindako lanari esker, milioika iheslari palestinarrek euren duintasuna gorde dute, garapenerako aukerak izan dituzte eta oinarrizko eskubideak defendatu dituzte, batez ere hezkuntzarako eta osasunerako eskubidea”; era berean, krisi eta hondamendietan larrialdiko laguntza emateko agentziaren gaitasuna “funtsezkoa izan da bizitzak salbatzeko eta gehien behar dutenen sufrimendua arintzeko”. Gainera, “gogor lan egin du iheslari palestinarren eskubide zibilak eta giza duintasuna babesten, haien ongizatea sustatuz”.
Ildo horretan, epaimahaiak nabarmendu du agentziaren hautagaitzak sariaren deialdian eskatutako lau irizpideak bateratzen dituela: Giza Eskubideen esparruan denbora luzez inplikatuta egotea; Giza Eskubideen balioen garapenaren alde burututako jarduketak garrantzia izatea; jarduketa horrek euskal gizartean zein nazioartean eragina eta oihartzuna izatea; eta emakumeen eskubideen aldeko ibilbidean eragina izatea. Horregatik guztiagatik, eta “jasotako abalen zeharkakotasun handiagatik”, René Cassin 2024 Saria UNWRAri ematea erabaki da.