Palestinako errefuxiatuekin

Search
Close this search box.
Search
Close this search box.
Search
Close this search box.

«ITSASORA JOANGO GINATEKE HARRESIA EZ BALEGO. BESTE ALDEKO BIZITZAK HOBEA IZAN BEHAR DU»

2002an, aldatu egin zen Zisjordaniako milaka palestinarren bizitza. Urte hartan, Israel harresi bat eraikitzen hasi zen; amaitzen dutenean, 700 kilometro luze izango da. Gaur egun, ehunka kilometro ditu, eta zaildu egiten ditu, are gehiago, Zisjordaniako herritarren bizitza soziala, ekonomikoa eta zerbitzuetarako sarbidea.

Oztopo-sistema baten parte da harresi hori, eta palestinarren zirkulazioa murrizten du, ez Palestinan okupatutako lurraldetik kanpo bakarrik, baita haren barruan ere. Milaka palestinar bizi dira harresiaren eta 1949ko Armistizioaren Lerroaren arteko komunitateetan. Lerro Berdea deitzen zaio Armistizioaren Lerroari, eta nazioarteko herrialdeek aintzatetsi egiten dute. 2022az geroztik, herritar horiek baimen bereziak behar dituzte beren etxeetan bizitzeko. Gainera, familia osoak bereizi ditu hormak.

Zisjordaniako eskualde askotako haurrak harresiaren atzean zer dagoen jakin gabe ari dira hazten; ezin dituzte beste aldeko senideak ezagutu, eta ezin dira nahi duten lekuan jolastu. Helduek kontatzen dituzten istorioen bidez soilik dakite haur gehienek nolakoa zen bizitza horma eraiki aurretik, eta haratago ikustea zer izango litzatekeen imajinatzen dute.

Hamza Erekat-ek 20 urte ditu eta Abu Dis hirikoa da, Jerusalemgoa. Harresia egiten hasi ziren urte berean jaio zen. Bere lehen oroitzapenetatik, hesiak etxeko patioa zeharkatzen du, eta zabaltzatik soilik ikus daiteke hormigoizko bloke handietatik haratago dagoena. Harresiaren gainetik, Arrokaren Kupula ikus daiteke.

«Nire Betleemgo lagunak ezin dira hona etorri jolastera. Jerusalemgoak ere ezin dira etxera etorri, harresiaren ondora», deitoratu du Mahmudek, Betleemgo mutiko batek, izugarrizko hesia gabe bizitzea zer den ez dakienak. «Harresia egongo ez balitz, lagunekin joango nintzateke, eta jende berria ezagutuko nuke».

Dimak (12 urte), Noorrek (10 urte) eta Farahk (11 urte) ere ez dakite nolakoa zen bizitza harresiaren aurretik. Aitonak harresiaren bi aldeetan denda batzuk zituela esan diete senideek. Negozioa oso errentagarria zen; baina, harresia eraiki ondoren, itxi egin behar izan zituen. Murrizketa hori gabeko bizitzari buruzko istorioak bakarrik entzun ditzakete neskatilek; haientzat, amets bat bezalakoa da hesi handitik haratago joatea. «Harresia egongo ez balitz, itsasora joango ginateke. Beste aldeko bizitzak hobea izan behar du», azaldu dute.

2004ko uztailaren 9an, harresia eraiki eta bi urtera, Nazioarteko Justizia Gorteak ondorioztatu zuen harresiaren trazadura legez kanpokoa zela eta Israel, Zisjordanian zehar egindako harresi-zatiak direla eta, bere betebeharrak urratzen ari dela nazioarteko zuzenbidearen arabera. Zati horiek eraisteko eskatu zuen. NBEren Batzar Nagusiaren 2004ko uztailaren 20ko ES-10/15 Ebazpenak Israelek eskaera hori betetzeko galdegin zuen.

Hala ere, Zisjordaniako milaka lagunen eguneroko bizimodua zailtzen jarraitu du harresiak.