Palestinako errefuxiatuekin

Search
Close this search box.
Search
Close this search box.
Search
Close this search box.

SARA ABO: ETORKIZUN ILUNETIK GARATZAILE ARRAKASTATSUA IZATERA

Sara Abo Ardat Palestinako errefuxiatua da, 29 urtekoa, eta Saidan (Libanon) bizi da. Informazioaren Teknologian graduatu zen UNRWAren Trebakuntza Tekniko eta Bokazionaleko Zentroan, Siblinen. «Telefono mugikorrak programatzen ez ezik, ideiak garatzen, trukatzen eta ideia berriak sortzen ere ikasi nuen. Trebakuntza oso garrantzitsua eta baliagarria izan zen, asko ikasi nuen», dio Sarak.

UNRWA zentroko ikasketa-programaren barruan, aplikazio mugikorrak garatzeko ikastaro batean hartu zuen parte. Alaa Titi ikaskidearekin batera, UNICEFen Liderrak Sortzea eta Berrikuntza programarako aplikazio bat garatu zuen Sarak. Laborategietan lan egiten duten pertsonentzat dago diseinatuta, eguneroko laneko zenbait prozesu arintzen baititu.

«Libanoko laborategietako hainbat kudeatzaileren lana errazten du aplikazioak, lan-ingurunean sartuko diren pertsonak erregistratzeko, iragarkiak bidaltzeko, albisteak emateko eta ekitaldiak iragartzeko balio baitu, besteak beste», azaldu du Sarak.  

Sara eta Alaa aplikazioaren garapenaren azken etapan daude orain, eta laster jarriko dute App Storean.  

«Esperientzia hau oso onuragarria izan da nire bizitzarako. Nire programazio-trebetasunak benetan garatzeko aukera eman dit. Hasiberria nintzen hasieran, eta, orain, trebetasun berriak dituen profesionala naiz», dio Sarak. Horretarako, funtsezkoa izan da ikaskidearen laguntza.  

«Orain, Alaa ikaskideak eta biok diru-sarrerak izan ditzakegu programa honi esker. Guztiz eraldatzailea izan da guretzat. Horrelako prestakuntzak egiteko izena ematera animatu nahi ditut gazte guztiak; zure aukerak zabaltzen ditu, eta trebetasun praktikoak garatzeko aukera ematen dizu». Sarak asko baloratzen du UNRWAko zentroan ikasteko izan duen aukera, bere karrera profesionalean aukerak zabaldu baitizkio.

Libanon, krisi ekonomiko larriak Palestinako errefuxiatuei eragiten die bereziki, eta UNRWAko zentro batean ikasteak etorkizun hobea izan dezaketelako itxaropena ematen die Sara bezalako gazteei.

Teknologia berriei buruzko prestakuntza ematea funtsezko helburua da Agentziarentzat, belaunaldi gazteak sektore horretan trebatzeko eta mundu osoan gertatzen ari diren aldaketa teknologikoen parte direla sentitzeko.