Osasuna

Errefuxiatuen osasungintza eta osasuna Agentziaren lanaren funtsezko zutabeak dira. UNRWAk oinarrizko osasun-zerbitzuak eskaintzen ditu, eta palestinar errefuxiatuei bizi-ingurune osasuntsua emateko ardura du. Agentziaren lehen mailako arreta-zentroen eta klinika mugikorren sarea da arreta prebentiboko eta medikuntza orokor eta espezializatuko zerbitzuen oinarria, eta bizitzako etapa bakoitzera egokitzen da.

 

Bost milioi pertsonatik gora artatzea, bost eremu geografikotan banatuta, 143 osasun-zentrorekin eta 3.000 pertsonatik gorako osasun-langileekin, eguneroko erronka da UNRWArentzat.

ORAIN ARTE LORTUTAKO GUZTIARI EUSTEA

Zazpi hamarkada baino gehiagoan, UNRWAk nabarmen hobetu du errefuxiatuen osasuna. Txertoekin prebenitu daitezkeen gaixotasunak eta bestelako afekzio kutsakorrak ia erabat desagerrarazi dira, eta jaioberrien, haurren eta amen heriotza-tasak behera egin du neurri handi batean. Gaur egun, jaio aurreko arreta jasotzen jarraitzen dute 145.000 emakume errefuxiatuk.

Lorpen horiek gorabehera, etengabeko erronkak ditugu aurretik, bereziki Sirian, Libanon eta Palestinako lurralde okupatuan. Errefuxiatuen kopurua gora egiten ari da, eta baita gaixotasun ez kutsagarrien kasuak ere, hala nola hipertentsioa, diabetesa, gizentasuna edo minbizia. Egoera horrek osasun-kostu globalak etengabe handitzea dakar ezinbestean.

LAGUNTZA PSIKOLOGIKOA GAZAKO HAURREI

Gazan, eraso armatuak etengabeak dira azken hamarkadetan. Alde batetik, Israelen erasoaldiak daude (erregulartasunez gertatzen dira eta indarkeria suntsitzailea zabaltzen dute, hala nola 2014an, ‘Hegi Babesgarria’ operazioan); bestetik, fakzio armatuen arteko barne liskarrak.

Bonbardaketen mehatxupean bizitzeak, indarkeria-giro etengabean, eta etorkizunari buruzko ziurgabetasun-sentimenduak hankaz gora jarri dute inguru horretako biztanleria zibilaren bizitza. Gatazkak eragindako estresaren ondoriozko traumetan espezializatutako laguntza psikologikoko zerbitzuak jasotzeko beharrak gora egin du modu dramatikoan azken urteotan. Eta horren eragin psikiko-emozionala bereziki gogorra da eskola adinean dauden haurrentzat.

Haurrak dira kolektibo ahulena eta eraso armatuek gehien kolpatzen dutena. Estres fisiko eta psikologiko handia dute, indarkeria jarraituaren ondorioek eragindakoa: etxeak suntsitzea, pertsonen joan-etorri masiboak, senideen heriotza… Errealitate horrek erabat suntsi dezake txikienen oreka emozionala.