UNRWA Euskadik «Ahlam: bizitza batekin amestuz» komikia aurkeztu du zenbait lekutan, Susanna Martin ilustratzailearen eskutik, komikiaren egileetako bat baita. Libanoko kanpamentuetan bizi diren Palestinako emakume errefuxiatu batzuen historiak kontatzen ditu komikiak.
Lehen aurkezpena irailaren 30ean izan zen, Getxoko Komikiaren Aretoan, komikien inguruko berritasunei, joerei eta gaurkotasunari buruzko lantegi, solasaldi eta mahai-inguruen atalean.
Bigarrena urriaren 19an izan zen, Gasteizko Zuloa liburu-denda ezagunean. Komikiaren eta nobela grafikoaren zaleentzako elkargunea da Zuloa, eta, gainera, aurkezpenak eta solasaldiak egiteko gune bat du publikoari irekita.
Libanoko emakume palestinar errefuxiatuen testigantza komiki-formatuan heldu da euskal herritarrengana, lau protagonisten historien bidez: Ahlam, UNRWAk Shatila kanpamentuan duen osasun-zentro bateko erizain-burua; Rawaa, UNRWAk Beddawi kanpamentuan duen laguntza juridikoko departamentuko langilea; Hiba, Burj Barajneh-eko gazte-kiroleko entrenatzailea, eta Wahida, Siriatik datorren Palestinako errefuxiatua, gaur egun Ein El Helweh kanpamentuan bizi dena.
Libanoko emakume palestinar errefuxiatuen egoera humanitarioak interes handia piztu zuen bertaratuengan, eta gogoeta zein elkarrizketa sorrarazi zituen haien artean, gehienek ez baitzuten errealitate horren berri. Komikiaren 50 ale banatu ziren bi aurkezpen-ekitaldiotan.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzaketari esker egin da komikia, hain zuzen ere «Libanoko emakume palestinar errefuxiatuen zaurgarritasuna txikitzeko ahalduntze-estrategiak» proiektuaren esparruan.