Palestinako errefuxiatuekin

Lehendakariak Ignacio Ellacuria 2024 Saria eman dio UNRWA Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziari

Imanol Pradales lehendakariak Garapenerako Lankidetzako Ignacio Ellacuria 2024 Saria eman dio gaur eguerdian UNRWA Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziari. UNRWAk Jordaniako Hezkuntza programan arduradun duen Oroba Al-Mousak jaso du saria. Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat du programa horrekin, Palestinako errefuxiatuei eskaintzen zaien Lanbide Heziketa eraldatzeko. Hautagaitza UNRWA Euskadi GGKEk proposatu zuen.

Pradalesekin batera, Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosa eta eLankidetza – Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako zuzendari berri Javier Cortes izan dira.

Epaian, epaimahaiak erakunde sarituaren lana nabarmendu nahi izan du, Palestinako herriarekin 75 urtez izan duen konpromiso, ibilbide eta dedikazioagatik, etengabe gatazkak izan diren testuinguru batean; halaber, Palestinako herritarrekin justiziaren eta giza eskubideen alde egiten duen zuzeneko lanaren alderik gizatiarrena ere nabarmendu du.

Epaimahaiak ondorioztatu du UNRWAk Ignacio Ellacuria 2024 Saria jasotzea merezi duela, desagertzeko duen benetako arriskuagatik; izan ere, horrek Palestinako biztanleei babes-eskubidea kentzea eta haien lur eta etxeetara itzultzeko eskubidea kentzea ekarriko luke, Agentzia jasaten ari den kriminalizazioa aipatuz.