Ekialde Hurbileko Palestinako Erreuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) 1.600 milioi dolar eskatu ditu 2023an bere programa eta operazioetarako.
«Operazio-eremu guztietan, UNRWAk ezinbesteko zeregina betetzen jarraitzen du Palestinako milioika errefuxiaturen bizitzetan. Testuinguru finantzario eta politiko izugarri zailean oinarrizko zerbitzuak ematen jarraitzeko lan egiten dugu», esan zuen UNRWAko Ordezkari Nagusiak, Phillippe Lazzarinik.
2023rako, Agentziak 848 milioi beharko ditu osasuna, hezkuntza edo babesa bezalako oinarrizko zerbitzuetarako, eta beste 781,6 milioi larrialdiko operazioetarako. Okupatutako lurralde Palestinarrerako larrialdi deian, UNRWAk 344,9 milioi dolar eskatu ditu, eta Siria, Libano eta Jordaniarentzat 436,7 milioi dolar.
Pasa den urtean erronkek izugarrizko presioa egin diote UNRWAri. Palestinako errefuxiatu gehienak pobrezian bizi dira eta UNRWAren laguntza behar dute. «Siriatik itzuli berria naiz, non sufrimendu eta etsipen deskribaezin baten lekuko zuzena izan naizen. Palestinako errefuxiatuen egoera beste leku batzuetan islatzen da, Libanon eta Gazan, esaterako, Palestinako errefuxiatuak hondoa jotzen ari baitira. Askok esan zidaten bizitza duina besterik ez zutela eskatzen, ez dela asko eskatzea», jarraitu zuen Ordezkari Nagusiak.
UNRWAk zerbitzu publikoen antzeko zerbitzuak eskaintzen ditu. Hezkuntza-sistema oso bat kudeatzen du, 700 eskola baino gehiagorekin, eta milioi erdi haur baino gehiago joaten dira horietara. Ia 30.000 langile ditu -gehienak errefuxiatu palestinarrak-, eta osasun, saneamendu, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuak eskaintzen ditu, elikadura-laguntza eta eskudirutan ematea barne.
«Ezin dugu eta ez dugu beti borrokan egon behar giza eskubideen eta egonkortasunaren alde egiten dugun ekarpena estaltzeko funtsak lortzeko. Agentzia honentzako finantzaketa-eredu jasangarriagoa eskatzen dut, UNRWAk epe luzerako eta erregulartasunez aurreikus daitekeen finantzaketa-iturria izan dezan. Hori gabe, ez gara gai izango gure zerbitzuak emateko, eta, horrekin batera, Palestinako errefuxiatuen bizitzak hari batetik zintzilikatuko dira eta eskualdeko milioika pertsonek eragina jasango dute», ondorioztatu du Lazzarini jaunak.