UNRWA Euskadik abian jarritako proiektu baten baitan, 2019/2020 eta 2020/2021 ikasturteetan EAEko Bigarren Hezkuntzako 4 ikastetxeetan lan egin da. Proiektuaren helburu nagusia nerabe kritikoak, kontzienteak eta aktiboki konprometituak eraikitzeko prozesu bat sustatzea izan da, Giza Eskubideen eta Genero Berdintasunaren alde. Horretarako, Ekialde Hurbileko eta Palestinako errefuxiatuekin bizikidetza zailtzen duten eta bazterketa eragiten duten informazio okerren edo gezurren aurka agertzeko gaitasuna areagotzea bultzatu da. Proiektua Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziaren eta Kutxa Fundazioaren finantziazioarekin burutu ahal izan da.
Proiektuaren baitan, ikaskuntzarako teknologia berrien erabilpena egin da, hala nola, Errealitate Areagotuko liburu batena, “Najmaren motxila” izenekoa. Honi lotuta, hezitzaileentzako gida pedagogiko bat osatu da ikasgelan eta beste hezkuntza-eremu batzuetan erabiltzeko. Liburua Palestinako errefuxiatuen egoeraren inguruko kontzientzia kritikoa sortzeko tresna da, eta euskal gazteek egoera horri buruz eta, bereziki, Palestinako emakume errefuxiatuei buruz dituzten kultura- eta genero-aurreiritziak berrikusten ditu. Liburua eta gida pedagogikoa doan deskargatzeko moduan daude.
Bestalde, ikasleekin egindako saio ezberdinetan joera biraleko ekintzak diseinatu, prestatu eta grabatu dira. Gela bakoitzean, Palestinako errefuxiatuen errealitatea euskal gizartearengana gerturatzeko metodologia eta baliabide ezberdinak erabili dira, ikasleen zaletasun, interes eta trebetasunetatik abiatuta. Lan honen emaitza dira jarraian ikusgai dauden bideoak.