HEZKUNTZA, MUNAREN AMETSEN HABIA

Muna Hammad-ek badaki bere bizitza eta etorkizuna ezberdinak izango zirela UNRWAko neskentzako Lehen Hezkuntzako eskola bere etxetik, hau da,  Ramallah kanpoaldean dagoen Amari errefuxiatu kanpamentutik, gertu egongo ez balitz.

 

Familiak eskuragarri dituen baliabide urriak direla eta, ziurrenik 14 urteko nerabe honek, lau senideen artean hirugarrena denak, ezin izango luke egunero Amari kanpoaldean dagoen eskola publikora joateko hartu beharreko autobusa ordaindu. Bere talentua, ikasteko duen gogoa eta bere nahiak bere etxeko lau hormen barruan isilaraziak geratuko ziren.

 

“Betidanik izan dut gustuko eskolara joatea eta ikastea. Aldaketak burutu ahal izateko eta nire helburuak lortzeko tresna bakarra heziketa dela sinetsita nago. Nire komunitaterako pertsona baliagarria izan nahi dut eta horretarako formakuntza jasotzea beharrezkoa dut.”- dio klase arteko atsedenaldian.

 

Munak ingeniaritza elektrikoko ikasketak egin nahi ditu Ramallahko Birzeit unibertsitatean. Bere aita elektrizista da eta txikitatik gustatzen zaio aita kable eta konpontzeko aparatuen artean lanean ikustea.

 

“Garai batean, mutilek bakarrik zuten ingeniaritza elektrikoa ikasteko aukera, baina hori jada aldatu da. Gaur egun, Palestinako nesken gehiengoak ez du mugarik nahi duen lanbidea aukeratzeko”-azaltzen du irribarretsu.

 

Munak segurtasun eta ganoraz hitz egiten du, helduagoa den pertsona batek hitz egitea espero den bezala. Uniformetzat duen bata zuri – berdea jantzita eta ilea estaltzen dion zapia buruan duela, bere aurpegiak indarra eta sosegua islatzen ditu, begiratzen duen oro txundituz.

 

“Ikasle bikaina da. Beti izan du karisma eta jendearen aurrean hitz egiteko trebezia, lidergorako abileziak ditu eta ingurukoekin oso eskuzabala da.”- Laburbiltzen du Arwa Salem-go eskolako zuzendariak.

 

Baina orain dela hiru bat urte Muna guztiz aldatu zen, triste eta zapuztuta egoten zen eta eskola orduetan bere burua bakartzen hasi zen. Bere notak kaskartu egin ziren eta irakasleek sumatzen zuten “zerbait gertatzen zela”.

 

Gertatzen zena zera zen: Munaren amari minbizia diagnostikatu ziotela. Munaren bizia gaixotasunaren eta estuasunaren baitan geratu zen, aitari etxean laguntzeko beharrari, amaren sostengua izateari eta neben zaintzari lotua.

 

“Nire amaren bularreko minbizia gure bizitzaren erdigunea bilakatu zen. Nire ama hobeto sentiaraztea zen gure helburua, eta etxeko lanez ez arduratzea. Sukaldatzen eta garbiketak egiten ikasi nuen, aitari laguntzen nion, bera lur jota baitzegoen. Familia gisa elkartu gintuen baina oso gogorra izan zen”- gogoratzen du, hunkiturik.

 

UNRWAko irakasleek Munaren amarekin hitz egin zuten ikasleak eskolan zuen jarrerari buruz eta ikasketak ez zituela utziko hitzeman zien amak. “Amak alabari ulertarazi zion bera maite bazuen ikasten jarraitu behar zuela”, - gogoratzen du ikastetxeko zuzendariak.


Irakasleek Muna animatu ahal izateko eta eskolara joateko ilusioa berreskuratzeko, ikastetxeko hauteskundeetan parte hartzea proposatu zioten. Muna ikasleen kontseilurako aukeratua izan zen, ikasleen asanblada modukoa dena, irakasle eta ikasleen arteko bitartekaritza lanak burutzen dituena eta ikastetxe barruko eta kanpoko ekintza eta ekimen ezberdinak antolatzeko motorra.

 

“Bere neurriko ardura bat zen kontseiluko kide izatearena, eta pixkanaka garai bateko neska alai, langile eta gogotsua izatera bueltatu zen”- dio Arwa Salem-ek.

 

Munaren amak hobera egiten du pixkanaka eta familia normaltasunera itzultzen ari da. Munaren ikasketak ondo doaz eta komunitaterako pertsona garrantzitsua bilakatzen ari da: minbiziaren aurkako elkarte batean parte hartzen du, minbizia duten haurrekin ekintzak antolatuz.

 

Munduarekiko duen ikuspegia sakona da eta hitz egin aurretik esan beharrekoa ondo pentsatzen du. “Azken asteetan nire beldur nagusia eskola ixtea zen, ikasturtea amaitzeko aukerarik izango ez genuela pentsatzen nuen. UNRWAk lehen mailako osasun klinikak itxi behar izateak ere kezkatzen ninduen, gure familiak klinika hauetako zerbitzuak behar baititu. Orain, badirudi egoera ez dela hain larria eta eskola ez dute itxi momentuz”,- dio.

 

Munak aipatzen duen arazoa ikasturte hasieran UNRWAk izandako krisi egoerari dagokio. Izan ere, irailean Estatu Batuek Nazio Batuen Agentzia diruz laguntzeari utziko zuela jakinarazi zuten eta honek zalantzan jarri zuen ikastetxeak hilabeteren ondoren irekiak jarraituko zuten ala ez. Ikastetxe hauetara miloi erditik gora ikasle joaten dira egunero Gazako Zerrendan, Zisjordanian, Jerusalem ekialdean, Libanon, Jordanian eta Sirian. Beharrezko dirua biltzeko nazioarteko larrialdiko kanpaina baten ondoren, momentuz elkarteak zuen defizitari aurre egin ahal izan zaio.

 

Hammad familia Tel Aviv-etik gertu kokatuta dagoen Salama herri palestinarrean errefuxiatua dago. Munaren bizia Amari kanpamentuko kale malkartsu, zikin eta estuen artean igaro izan da, non 6.000 pertsona bizi diren. Kanpamentua 1949an ezarri zen, Ramallah eta Zisjordania banatzen duen harresiaren artean. Kokaleku berezia duenez, militarren sartu-irtenak ohikoak dira eta baita liskarrak eta istiluak ere. Harresiak Muna Jerusalemetik banatzen du, non oso gutxitan izan den eta urte asko pasa diren ordutik, nahiz eta hiritik oso gertu bizi den. Haur palestinarrek 10 urte betetzen dituztenean, helduen antzera, baimena eskatu behar diote Israeli kontrol militarrak igaro eta Jerusalemera joan ahal izateko.

 

“Ikasketak amaitzen ditudanean bidaiatu egin nahi dut eta mundua ezagutu. Aukera izatea espero dut. Ezkontzea eta haurrak izatea, bidaiatu ondoren egin nahi dudan zerbait da”, ziurtatzen du.

 

Helburu horiek lortze aldera, ikasketetan gogor saiatzen da, eskola amaitu ondoren etxean irakurtzen eta hizkuntza berrietako hitzak ikasten egoten da. Gaztearen hitzetan etorkizunerako dituen helburuak lortzeko traba nagusia ez da bere familia edo gizartea izango baizik eta Israelgo okupazioak eragindako mugak.

 

“Niretzat okupazioa etxetik atera eta errepidea nola dagoen ez jakitea da, soldadu israeldarrek sarbideren bat itxi dutelako edo istiluak daudelako. Okupazioaren eraginez beldurra momentu oro sentitzen dugu, eta ez dugu Tel Aviv-en nahiz Jerusalemen ditugun senideak bisitatzeko aukerarik.”

 

Munak mugitzeko mugak bere bizi osoan bizi izan baditu ere, ez da itxialdi sentipenera ohitzen. “Itsasoa ikustea gustatuko litzaidake egunen batean”, dio agur moduan.

 

Tel Aviveko hondartza bere etxetik 60 kilometrotara bakarrik badago ere, Munak telebistan bakarrik ikusi du itsasoa.