KOMUNIKAZIO GIDA

Gatazkek eta krisi humanitarioek oso eragin desberdina dute gizonengan eta emakumeengan. Normalean, gehiago kaltetzen dituzte emakumeak, baita haien parte-hartze soziala, politikoa eta ekonomikoa ere. Batzuetan, hedabideek gatazken eta krisi humanitarioen azalpen partziala eta estereotipatua ematen dute. Arreta handia jartzen dute kopuruetan, eta gertaera historikoen eta intentsitate handiko indarkeriazko jazoeren deskribapenean. Hori dela eta, hedabideen estaldura horren ondorioz, ezin dugu lehen eskutik jakin zer-nolako eragina duten egoera horiek pertsonengan eta, bereziki, emakumeengan.

Palestinaren eta Israelen arteko gatazkaren testuinguruan, eta israeldarrek Palestinako lurraldea okupatu zutenetik igarotako 50 urteetan eta Gazako Zerrenda legez kontra blokeatu zutenetik igarotako 10 urteetan sortutako krisi humanitarioaren ondorioz, palestinar emakumeei buruzko imajinario kolektiboa zenbait gizarte-eragilek, hala nola hedabideek, sustatutako kultura-pertzepzioetan dago oinarrituta. Eta hedabideek zabaltzen dituzten kultura-pertzepzioak orokortzaileak, partzialak eta zehaztugabeak izaten dira. Imajinario horrek, gainera, zenbait genero-estereotiporen eragina du. Eta estereotipo horiek pertsona pasibo, biktima eta bigarren mailakotzat hartzen dituzte emakumeak: alabak, amak edo gatazkek eragindako pertsonen talde homogeneoko kideak.

UNRWA Euskadik ezagutzaren arloko hainbat jarduera eta produktu sortzen ditu 2012. urtetik, Garapenerako Hezkuntzako eta Sentsibilizazioko lanaren bidez, helburutzat harturik euskal gizarteak kontzientzia feminista eta, generoaren ikuspegitik eta giza eskubideak aintzat hartuta, palestinar errefuxiatuen egoerari buruzko ezagutza kritikoa izan dezala. Hedabideak oso eragile garrantzitsuak dira, ezagutza sozializatu, iritzia sorrarazi eta herritarren imajinario kolektiboa eta indibiduala osatzen duten aldetik. Hori dela eta, testuinguru humanitarioei eta gatazkei buruzko informazioa lantzean, genero-ikuspegiaren alde egiten du UNRWA Euskadik, estereotipoak desegiten, isilarazitako istorioak agerian jartzen eta herritarrei emakumeen irudi emantzipatzailea eta estereotiporik gabea ematen laguntzeko, batik bat palestinar emakume errefuxiatuen kasuan.

Hori dela eta, M ibilbidea proposatzen dugu, Gatazkei eta egoera humanitarioei buruz genero-ikuspegiarekin informatzeko gida gisa, Palestinako lurralde okupatuaren (Plo-aren) kasua oinarri hartuta. Kazetarientzat, beste profesional batzuentzat eta etorkizunean askotariko hedabideetan lan egingo duten profesionalentzat egindako gida da. Ekimena UNRWA Euskadik bideratu du, Emakume palestinarrei eta beraien eskubideei aurpegia ipiniz Euskadiko proiektuaren esparruan, eta Eusko Jaurlaritzaren 2015eko laguntzarekin eta euskarri finantzarioarekin. LolaMora elkarteak eta Pikara Magazine aldizkariak egin dute gida, ikuspegi feministan eta genero-ikuspegian oinarritutako kazetaritzari dagokionez dituzten ezagutzak, jakintzak eta esperientzia ardatz hartuta.

Diputación Foral de Gipuzkoa